
...emakumeek aisiarako,
prestakuntzarako, garapen
profesionalerako, harremanetarako
eta partehartze politikorako denbora
gutxiago dutelako...
Gizonen eta emakumeen artean rolak banatzeko modu historikoak eragin du gizartearen hainbat arlotan aukera gutxiago izatea emakumeek, arazoak bizirik dirau gaur egun.
Emakumeen partehartzea zailtzen duten diskriminazioen —zuzenak nahiz zeharkakoak— berri ematen digute gizarte arloan eta baliabideen eskurapenean oraindik orain irauten duten desorekek.
Emakumeentzako aukera gutxiago dago erabaki politikoak, finantzarioak, kulturalak, sozialak eta beste hainbat erabaki hartzeko orduan. Denek dakigun zerbait da hori.
Emakumeen egoera hobetzeko asmoz, jarrerak eta ekimenak aldatzeko neurriak hartu dituzte berdintasuna aldarrikatzen duten politikek azken hamarkadetan. Gizonak eta emakumeak berdin tratatzearen aldeko ikuspuntu liberalean oinarritu dira horiek; eta, ikuspuntu horren arabera, berdin tratatzeak aukera berdintasuna dakar.
Aurrerapenak egon dira, denok ikusi ditugu horiek, baina desberdintasunak oraindik agerian daude, eta emakume askoren egoera ez da gizonen egoera bera. Gizonak eta emakumeak "plano berean aritzea" dute helburu Ekintza baikorreko politikek, baina bazterketa egoerak etengabeak dira, eta horrek arazoaren konplexutasuna uzten du agirian.
Epe ertain edo luzerako estrategia da genero ikuspegiaren zeharkakotasuna eta egiturazko oztopoak kentzea du helburu, oztopo horiek gizonen eta emakumeen zereginak behar bezala banatzea galarazten dute-eta.
Besteak beste, ekintza positiboak babesteko politika horren alde mintzo dira Amsterdamgo Ituna, Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua, Euskal Autonomi Estatutuko 9.2 artikulua eta udal mailako 7/1985 legea.
Berdintasuna ez da soilik emakumeen aldeko erakunde berezietan garatu behar, beste batzuetara ere zabaldu behar da. Hain zuzen ere, gizarte osoak hartu behar du kontzientzian berdintasuna berdinak direnen artean sortu, elikatu eta kudeatu behar dela.
Filosofia hori aintzakotzat hartuta planteatu da Mont Blanc (4808) lau bide euskal herriko emakumeentzat ekintza berezia, enblematikoa den mendi baten igoera.
Euskara, emakumezkook geure aisia planifikatzeko garaian askatasunez aritzeko erreibindikazioa eta mendia uztartzen duen proiektu hau 2005eko azaroan jarri genuen abian. Abian jarri genuen beraz, berdintasunaren eta normaltasunaren trena: normaltasuna aisia planifikatzerakoan, normaltasuna hizkuntza hautuan, normaltasuna kirola egiterakoan, normaltasuna goi-mendietan ibiltzeko.
2005eko udazkenean idazkitxo batek jarri zuen ekimena martxan, oso ideia xumea zuen oinarrian baina, baita ilusio pizgarria ere, hauxe zen labur bilduz: “Emakume gutxi ikusten da goi-mendian, ez dago proportziorik ibiltzea gustatzen zaigunarekin. Ez al genuke talde bat osatuko egoeraren aurpegi ustela erakusteko? Gauza izango ote gara hogeiko taldea osatu, plazara irten eta mendian emakumearen lekua aldarrikatzeko?
Idazkia lagunei pasa, haiek lagunei, gero lagunen lagunei eta azkenean, Alpeetara joateko, Mont Blanc igotzeko taldea osatu, 21 emakume, euskaldunak denak, berrogeiak beteak, euskal herrietakoak.
Ekimen hau martxan jarri arte, ez genuen elkar ezagutzen, ekimenak elkartu gaitu eta mendiak adiskidetu, izan ere adiskidetasunaren izpiritua bizi-bizi egon da gure artean eta elkarri laguntzea eta elkarrekin ondo pasatzeak, erronkak beste lekua eduki du gure artean.
Taldea osatu dugunok ez genuen aldez aurretik elkar ezagutzen; halere, enbor bereko adarrak izan gara denak: euskaldunak, berrogei urteak paseak, batzuk ozta-ozta bada ere, denek mendia maite… ibilaldi luzeetan ohitutako mendizaleak… baina, hemen, etxean, Euskal Herrian, Pirinioetan, gutxienak Alpetan izanak, Alpeetako izotzetan ohituak, baina, horiek ez dira oztopo izan, alderantziz baizik: deskubritzearen aukerak asko laguntzen baitu oinetako babaren mina leuntzen.
Elkarrekin ametsetan hasteko, altxor ederra genekarren: mendi esperientzia propioa eta orain arte egin gabeari ekiteko sekulako gogoa, erronka eta plazera uztartzeko nahia, mendi handietara joateko irrika. Denontzat berria, emakumez osatutako taldean joatea, taldea euskalduna izatea eta mendian euskaraz bizi izatea ere nobedadea izan da, ez baita erreza izaten goizetik gauera euskaraz hitz egin ahal izatea gure artean…..
Eta proiektua garatzeko eta egin beharrekoak errazago egiteko, elkartea osatu dugu: Marimendi.
Proiektua garatu eta landu dugunok Nafarroakoak, Arabakoak, Gipuzkoakoak eta Bizkaiko emakumeak nor bere mendi-taldekoa gara, nor bere herrikoa, bere koadrilakoa eta hala segituko dugu. Baina ekimen jakin honek antolaketa berezia eskatzen zuen: kirola eta erreibindikazioa uztartu nahi zituen; eta lan-talde trinkoa eskatzen zuen, lan-talde berezitua, inola ere ez ohiko mendi-taldeak ordezkatzeko, baina bai, haiek normalean bideratzen ez duten eskakizuna plazaratzeko bestekoa. Eta horixe da Marimendi: emakume talde bat, emakume helduek osatutako taldea, mendia eta euskara lagun dituena.
Lehen ekintza Mont Blanc izan da. Emakumeok (emakume arruntak, halakorik baldin bada) erakutsi nahi izan dugu gure esku dagoela goi-mendia, ez dugula zertan atzera egin behar; askotan hala egin behar izan badugu ere, familia dela, gure beldur propioak direla… balioko al dut nik halako mendiak eskalatzeko? Eta, jakina, neurrian, eta entrenamendu apur batekin denok balio dugu.
Mont Blanc izan da 2006 izarra, gure leit motiv delakoa. Eta inor ez denez jaiotzetik trebea izotzetan eta harkaitzetan ibiltzeko, ba… zenbait ikastaro egin behar izan ditugu joan aurretik: horrela aurreko udaberrian Tenako bailaran izan ginen izotzetan eta harri artean ibiltzeko teknikak ikasten (kranpoi-, piolet- eta soka-teknikak batez ere) eta ondoren Vignemalen izan ginen elurra eta harria frogatzeko eta ibilaldi luzea eskatzen zuen mendia egiteko. Urdulizko eskalada eskolan ere luze batzuk egin genituen Lorea Madina eta Ane Hernani taldekidearen gidaritzapean.
Uztailaren 15etik 25erako epea hartu genuen gure erronka betetzeko. Eta 22a, madalena eguna, gailurra egitekoa.
Egitasmoa zen Saastaleko lau milakotan trebatu, altuerara egokitu, glaziarrean ohitu eta harria eta altuera ere konbinatu eta ondoren ….Zuriari ekin. Egindako hainbat bileratan gutxi gora behera erabakita genuen nor nondik joan, norberaren filiak eta baldintzen arabera. Azken momentuan halere, egokitu behar izan ziren flekotxo batzuk baina tira..
Autobusez joan ginen, Saas bailarara (Suitza) afaltzeko ailegatu ginen, pentsatu bezala eta deskantsua hartu ondoren hurrengo goizean taldea bitan banandu zen gure lehen lau milakoari ekiteko. Weismiess izan genuen, mendi zuria glaziarra eta arrakaladekin lehen enkontrua.
Bi aldetik igo genuen, Batzuek Almagelhutetik eta besteak Hossaseko aterpetik tontorrean bat egiteko eta denok batera jeisteko Weismiesshutera. Oso esperientzia ederra bai alde batetik joandakoak baita bestetik joandakoak ere.
Hurrengo egunean Lagginhornera igo ginen; behetik gora eta goitik behera harria. Oso ondo pasa genuen, denak igo ginen. Bitik bi, ondo gauza eta hirugarren egunean Allalinhorn. Hauexek izan ziren gure lehen hasperenak eta nekeak sentitu zituzten lehen laumilakoak, baita gure pozen lekuko izan zirenak ere.
Prestaketa-lanak egoki betetzeko, mendi-gidari profesionalen laguntza eduki dugu. Izan ere, Alpeak denen esku egon litezke, eta hala daude eta mendiari ez zaio beldurrik eduki behar, baina bai zor zaiola errespetua eta hori guztiagatik mendi-gidari profesionalak izan ditugu igoeretan lagun.
Planifikatu bezala, uztaileko Madalenetan, goizeko bederatzietan, irrintzi batek harritu zuen gailur zuria eta bere lotalditik ezustean atera bagenuen ere, Mont Blanc mendiak maitekiro hartu gintuen bere magalean marimendiak, guretzako moduko eguraldiarekin, haizerik batere gabe, bare-bare, eta zero gradutako isoterma 4.300 metrotan. Den-denak igo ginen goraino.
Iparretik heldu ginen tontorrera, ekialdetik, mendebaldetik eta hegotik. Lau bide eta lau haize.
Zailtasun tekniko eta iraupen desberdineko bideak izan dira laurak.
Lehen laumilakoa oraingoan egin behar izan duten batzuentzat, hautatutako bide horiek bazuten liburuetan esandakoak baino mami gehixeago…
Denok nekatuta, baten bat lehertuta ere bai baina, denak hurbildu ginen tontorrean jarritako ikurriñaren ingurura, batzuk malkoren bat galduta, beste batzuk pozari ezin eutsi eta jauzika,
Ekialdetik bi soka; bost Marimendi Cosmiqueseko aterpean gaua egin eta Tacul eta Mont Mauditetik barrena gora, tontorrera.
Hegotik bi soka; lau marimendi. Courmaierretik abiatuta, Jardin de Miagen barrena, Gonella aterpera, Orratz grisetatik barrena Italiarren pitoira, handik Dôme Gouterrera eta Wallotetik gora.
Iparretik hiru soka, bederatzi Marimendi; Tète Rougetik Gouterreko aterpeko aldatz ikaragarria sufritu eta gero, Gouterren gaua pasa eta Wallotetik gora.
Mendebaletik soka bakarra, marimendi bat; Conscriteko aterpetik abiatu, Durierrekora Dòme de Miagen barrena. Durierretik Bionnasayko orratza igo, bere zeharkaldi erpin, mehar eta zorrotza zeharkatu ondoren, Dòme de Gouterrera eta handik tontorrera.
Aipatutako baldintzetan, gustura egon ginen goien, batzuk ia bi ordu egin zuten bertan, gehienak ordu bete. Ze poza, ze zoriona ze ederki…
Jeitsiera denok batera egin genuen, Gouterren barrena Chamonixera.
Bakar batzuk izango dira ekintza hau ulertu ez dutenak. Alegia, emakumeak arrandegiko kolan nahiago dituztenak, baten batek Chamonixen esan zuen bezala gure taldea tontorrean zela jakin zuenean, baina aitortu behar da oro har, gizarteak begi onez ikusi duela ekimena. Izan ere, justiziazkoa baita emakumeak geure aisi librearen kudeatzaile izatea: mendian dela, tenisean dela, kafetegian dela, literaturan dela….
Rol sozialek ez dute beti hori erraztu. Baina tamaina hartu diogu ekintza positibo honi.
Azpimarragarria da Euskal Herriko hedabide euskaldunek izan dute jarrera ona, asko lagundu digute gure aldarria zabaltzen, gure ekimena gizarteratzen, Irratiak, egunkariak eta telebistak behin baino gehiagotan eman dute gure ekimenaren berri. Eta hori bera ere bazen ekintzaren helburuetako bat, alegia: gizarteari esatea, modu publikoan, emakumea badela nor mendian ibiltzeko, beraz, esker onekoak gatzaizkie,
Ekimen honek Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Emakunden dirulaguntza izan du.
Ekimena garatu ondoren eta euskal gizarteari zor geniola uste izan dugulako, berari buruzko DVD bat prestatu dugu. DVD hori aitzakia hartuta Euskak herriko hainbat herrietan izan gara gure ekimena azaltzen eta berau egikaritzeko izan ditugun arrazoiak azaltzen. Gure mezua askorengana heldu da, nagusiengana eta eskoletara: Solokoetxeko eskolan eta Altzaga ikastolan bi hitzaldi emateko aukera izan dugu, emakumezkoengana eta gizonezkoengana: bataz beste 30-40 lagun izan ditugu ikustaldi-hitzaldietan. Honako herrietan izan gara:
MARIMENDIk ilusioz eta kemenez bete ditu partaideak eta 2006ko uztaileko ekimenetik gaurdaino, talde txikiagotan bada ere, Aconcaguak, Araratek, Txileko mendiek, Himalayak eta Alpeetako hainbat gailurrek ikusi gaituzte eta entzun dituzte gure irrintziak.
Badakigu asko dagoela oraindik egiteko, baina orain arte egindakoarekin pozik eta harro gaude.
1. Aurre-prestaketa
Tena Ibarra, 2006ko martxoaren 11-12
Vignemaleko mazizoa, 2006ko ekainaren 17-18
Urdulizko eskalada-eskola, 2006ko ekainaren 28-29
2. Aklimatazioa, Suitzako Saastalen
Weissmies (4023), 2006ko uztailaren 17an
Lagginhorn (4010), 2006ko uztailaren 18an
Allalinhorn (4027), 2006ko uztailaren 19an
3. Lau bide Euskal Herriko emakumeentzat (uztailak 20, 21 eta 22)
Miage-Bionnassay-Mont Blanc (AD), soka-talde bat
Gonella-Mont Blanc (PD+), soka-talde bi
Goûter-Mont Blanc (PD-), hiru soka-talde
Cosmiques-Mont Blanc (PD), soka-talde bi
4. Ardura tekniko eta profesionala
Mendiak eta Herriak mendi-gidari elkartea
(Garo, Gorri, Irazusta, Lasa, Leizaola, Ugarte, Uriarte, Zuza, )

Agirre, Mertxe
Eibar (Eibarko klub deportiboa)
Aramaio, Birtu
Ondarroa (Aurrera mendi taldea)
Arin, Marian
Zaratamo (Ganguren mendizale taldea)
Atxalandabaso, Marije
Gernika (Goizale mendi elkartea)
Berridi, Uxue
Pasai Donibane (Irungo mendizale elkartea)
Bilbatua, Esther
Eibar (Club Deportivo Eibar)
Eriz, Igone
Aramaio (Orixol Aramaioko mendi taldea)
Etxegoein, Pakita
Irun (Irungo mendizale elkartea)
Garziriain, Carmen
Iruña (Gaztaroa mendi taldea)
González Matauko, Ines
Gasteiz(Gasteiz mendi taldea)
Hernani, Ane
Bilbao (Zulu mendi elkartea)
Mendikute, Mariaje
Iruña (Boscos mendi taldea)
Uriarte, Esther
Oleta ( Otxandioko Miru gain mendi taldea)
Vila, Lorea
Elgoibar (Morkaiko mendi taldea)
Zabala, Arantza
Mendata ( Gernikako Goizale mendi elkartea)
Zubia, Arrate
Bilbao(Morkaiko mendi taldea)
Zubiaurre, Lourdes
Elgoibar (Morkaiko mendi taldea)
Zubizarreta, Gemma
Aretxabaleta (Murrukixo mendizale taldea)